gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2016ko abenduak 4, igandea
Augusto Monterroso
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > AUGUSTO MONTERROSO, GAUR ERE
AUGUSTO MONTERROSOREN AURKEZPENA

Augusto Monterroso

Tegucigalpan jaio zen 1921ean eta izen handiko beste idazle batzuekin gertatzen den bezala, Augusto Monterrosoren sormen lana ezin da estatu baten mugen barruan sartu. Literaturako aberririk ez duen idazle honek, Carlos Monsiváis idazleak dioenez, jaiotzez hondurastarra, jatorriz guatemalarra eta adopzioz mexikarra den idazle honek, Guatemalako nazionalitateari eta Mexikorekin duen loturari uko egin gabe –herrialde horrek hartu baitzuen 1944an erbesteratu zenean eta bertan bizi baita harrezkero- latinoamerika osoa du lan esparru. Era guztietako politika, literatura eta gai afektiboak lantzen ditu. Juan Antonio Masoliverren iritziz, “Monterroso izan zen kreol ereduarekiko loturak hautsi zituen lehen ipuin idazle guatemalarra eta gaur egungo narratzaile askok urratutako bideari jarraituz, kezka unibertsalen bidetik jo zuen”. Eta harrezkero idazle autodidakta hau bere lanean ari da: idazten, apal-apal eta mantso-mantso. Atsegin du hodeiei so egotea eta aitortzen duenez laburtasunarekiko eta literaturako konbentzioekiko maitasuna eta gorrotoa sentitzen du aldi berean.

Bere lan bitxietan bizipen intelektual eta emozionalak islatzen ditu eta horietan nabaria da iturri askotatik edandakoa dela. Ezagutzen ditu bai ondo asko Cervantes, Espainiako Urrezko Mendeko klasikoak, Jonathan Swift, Herman Melville, latinoamerikako idazleak (Luis Cardoza y Aragón, Borges...), Kafka, Chejov, Montaigne, Horazio eta latinez idatzi zuten beste idazle klasiko batzuk. Azken finean, literatur harrobi aberatsa du, era guztietako kultur eta literatur alorretan sustraiturik dagoena. Idazle errealistatzat hartzea, horixe da bere amets sekretua, bere lanak, ordea, beste idazle batzuen aipamen, gorazarre eta hitz jokoz beteta daude.

Nahiz eta latinoamerikako narrazio laburren tradizioaren bidetik jo duen, ez dio zorrotz-zorrotz jarraitzen, batere ohikoa ez den ikuspuntua hartu baitu errealitatearen eta bizitzako paradoxen gainean amets egiteko. García Márquez, Carpentier, Vargas Llosa, Fuentes eta beste batzuek aukeratu zuten errealismo magikoaren adierazpideetatik urrundu da eta bere prosak zehaztasun misteriotsu hori du ezaugarri nagusi, eduki satiriko eta ironikoak nabarmen-nabarmen erakusten dizkiguna.

Begira zer dioen Monterrosok La vaca izeneko bere lanean: “Irudimenak eta errealitateak ipuinetako materiala, egoerak, korapiloak ematen dizkigute ugari; horiek guztiak pizteko eta kateatzeko, ordea, arte lana egin behar da. Mundu honetan, egunero-egunero, uneoro-uneoro gertaera txiki eta handi asko ari dira gertatzen etengabe, batzuk benetakoak, beste batzuk irudimenaren fruitu; lanak ipuin bihur ditzake, baina nik neuk esparru hori ez dut gehiegi landu”. Egia esan, asmazio liburu gutxi argitaratu ditu (zoritxarrez guretzat); dena dela, zuhurregia delako edo agian idazteko alferregia delako, obra horiek (labur samarrak aukeran, baina ez dio axola) bizitzak berezkoa duen paradoxaren edo bitxikeriaren muinerako bidaia zirraragarria dira. Badaki gai bakoitzerako idazkera aproposa erabiltzen, zehatz-mehatz moldatzen dio idazkera gai bakoitzari. Hala, ipuina, aforismoa, alegia, egunkaria, nobela, memoriak, saiakera edo era guztietako gaiak biltzen dituzten idazlanak bitarteko, beti ere umorea lagun duela seriotasun arranditsu hori saihesteko, Monterrosok gizakion gorabeherak arakatzen ditu, ametsak eta porrotak, batzuetan animaliak eredutzat hartuta. Nagusiki, betetzen ez diren amets horiek izaten ditu aztergai. Baina bere buru argiak gizakion mugarik gabeko ergelkeria eta harritzeko moduko zenbait gauza pozgarri ere azaleratzen ditu bere narrazioetan.

Aurreneko liburua, Obras completas (y otros cuentos), 1959. urtean argitaratu zuen. Hamar urte geroago, 1969an, bigarrena: La oveja negra y demás fábulas. Ondoren Movimiento perpetuo (1972) idazlan bilduma plazaratu zuen eta handik urte batzuetara, 1978an, bere nobela bakarra Lo demás es silencio, Eduardo Torres idazle eta intelektualari buruzko biografia zatikatua (“ni eta beste asko gara” adierazi du Monterrosok berak). La palabra mágica (1983) delakoan fabulak eta idazleei buruzko aipamenak bildu zituen. La letra e (1987) ere bilduma lana izan zen, era askotako testu laburrak aurkeztu zizkigun bertan, eta Los buscadores de oro (1996) izenburua jarri zion hartan bere haurtzaroa kontatu zuen. La vaca (1998) delakoan literaturaren gaineko saiakera laburrak bildu zituen eta Viaje al centro de la fábula (1999) bilduman 1976 eta 1994 bitartean egin zizkioten elkarrizketa batzuetan esandakoak berreskuratu ditu, oroitzapenen zoko-mokoen arteko joan-etorri goxoa osatuz. 1992an Antología del cuento triste argitaratu zuen Barbara Jacobsekin lankidetzan.

Fernando Golvano

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net