Augusto Monterroso Bonilla guatemalarra 1921ean jaio zen eta Mexikon bizi da erbesteratuta 1944az geroztik. Mexikoko kultur bizitzan erabat murgilduta dago eta bertan egin du bere literatur lan guztia. 1975ean Xavier Villaurrutia saria jaso zuen eta 1988an Águila Azteca izeneko domina eman zioten. Narrazio eta saiakera lanei esker goreneko tokia lortu du gaztelaniazko literaturan. 1993an Guatemalako Hizkuntz Akademiako kide izendatu zuten eta 1966an Guatemalako San Carlos Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen; horrez gain, Miguel Ángel Asturias ordenako kide da eta Guatemalako Literaturako Sari Nagusia irabazi zuen 1997an. Urte horretan Latinoamerikako Literatur Saria irabazi zuen eta Karibeko Juan Rulfo saria ere bai. 1998an Viceversa aldizkariak La vaca liburua genero horretan Mexikon urte hartan argitaratutako liburu onena izendatu zuen. 2000. urtean Príncipe de Asturias saria eman zioten. Epaimahaiak, Víctor García de la Concha Hizkuntzaren Erret Akademiako lehendakaria buru zela, ondorengoa nabarmendu zuen: “gaztelerazko idazlerik bitxienetakoa dugu, aipatzekoa da, batetik, bere umore sen hori, malenkoniaz betetakoa, Cervantesen ildokoa eta, bestetik, herritar modura izan duen bizimodu eredugarria, erbestearen latza bizi izan baitu.”
Monterroso Tegucigalpan jaio zen 1921eko abenduaren 21ean. Aitaren aldeko aiton-amonak Antonio Monterroso guatemalar jenerala eta Rosalía Lobos zituen. Aitona gizon ilustratua zuen, idazle eta poeten babesle izandakoa, besteak beste, Porfirio Barba Jacob kolonbiarrarena. Amaren aldekoak, berriz, Cesar Bonilla eta Trinidad Valdés izan ziren. Bonilla lizentziatuaren bi lehengusu Hondurasko lehendakari izan ziren: Policarpo eta Manuel Bonilla, hain zuzen.
Aita, Vicente Monterroso, guatemalarra zen eta ama Amelia Bonilla, hondurastarra. Aitak hainbat egunkari eta aldizkari sortu zituen eta horretarako bere poltsikoak –eta emaztearenak- hustu behar izan zituen, eta ondo hustu ere. Lan arazoak zirela eta Tegucigalpatik Guatemalara eta Guatemalatik Tegucigalpara ibiltzen zen eta familia eramaten zuen beti berarekin. Augusto Monterrosok bi hiri horien artean igaro zuen haurtzaroa eta neurri handi batean horregatik ez zituen lehen mailako ikasketak bukatu, nahiz eta berak aitortu duenez alferkeriak eta eskolak sortzen zion beldurrak ere zeresan handia izan zuten.
Familia Guatemalan jarri zen bizitzen 1936.urtean. Hurrengo urtean, Monterroso harategi batean hasi zen administrari lanetan. Urtean atseden egun bat baino ez zuen izaten eta esplotatua sentitzen zen. Bertako nagusietako bat talentudun mutila zela konturatu zen eta idazle klasikoak irakurtzera animatu zuen. Bere jakin-mina asetzeko bizitza guztian izan duen grina eta familia aurrera ateratzeko lan egin beharra uztartu behar izan zituen gaztetandik. Eskolara joan ez izanak sortzen zion segurtasunik ezak eta lotsak bultzaturik Monterrosok Guatemalako Liburutegi Nazionalean bilatu zuen babesa eta urte askotan egon zen gauetan hara joaten.
1940. urte inguruan literatur munduko aurreneko lagunak egin zituen. Adiskide batzuekin batera Guatemalan 40ko belaunaldia deitu izan dena sortu zuen. Guatemalako artista eta idazle gazteen elkartea eta Acento aldizkaria sortu zuten. 1941ean bere ipuinak argitaratu zituen lehen aldiz Guatemalako El Imparcial egunkarian eta Acento aldizkarian. Ubicoren diktaduraren aurka antolatzen ere hasi ziren, isilpean eta arrisku handiz lan eginez. Azkenik, 1944an, diktaduraren aurkako borroka piztu zen. Monterrosok manifestazioetan parte hartu zuen eta agiri historiko bat sinatu zuen, “311 lagunen adierazpena”, bertan Ubicok kargua utz dezala eskatu zuten. Ubicok agintea galdu zuenean Monterrosok eta bere lagunek aldizkari politiko bat sortu zuten, El Espectador; hori zela eta Monterroso eta haren lagun bat atxilotzeko agindua eman zuen Ubicoren ondorengoak, Federico Ponce Váidez jeneralak. Hala ere, ihes egitea lortu zuten eta Mexikoko enbaxadara jo zuten babes eske. Enbaxadoreak baiezkoa eman zien eta babestuta eraman zituzten Mexikoko mugaraino. 1944ko iraila zen.
Mexikon ahal zuen gauza guztietan lan egin zuen bizi ahal izateko. Nolanahi ere, aurreneko egunetatik moldatu zen nola edo hala arratsaldero-arratsaldero Mexiko Unibertsitate Nazionaleko Filosofia eta Letretako fakultatera joateko. Mexikoko eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetako idazleak ezagutu zituen han.
1944an Guatemalan Urriko Iraultza hasi zen Jacobo Arbenz Guzmán buru zela. Famili kontuak zirela eta Monterrosok Mexikon jarraitzea erabaki zuen eta handik gutxira Guatemalako Batzorde Iraultzaileak Guatemalak Mexikon zuen kontsulatuko kargu txiki bat eman zion. Hasieran egonaldi laburra izatekoa zen hark luze jo zuen.
Monterroso ipuinak eta aipamen bibliografikoak argitaratzen hasi zen Mexikoko eta Guatemalako aldizkari eta egunkarietan eta poliki-poliki ezagun egiten joan zen, baina artean garai hartan ez zuen liburuak argitaratzea pentsatzen.
Arbenzen iraultzatik bederatzi urtera, 1953ean, Guatemalako gobernuak Boliviara bidali zuen, La Pazera. Guatemalako Enbaxadako lehen idazkari eta kontsul kargua eman zioten. Urtebetez egon zen Guatemalako erregimen demokratikoaren alde lanean, 1954an Estatu Batuen esku hartzea tarteko zela Guatemalako gobernua kargutik kendu zuten arte; Monterrosok bere karguari uko egin eta atzerrira alde egin zuen, Txileko hiriburura, Santiagora.
Txilen bi urtez egon zen. El Siglo egunkariak Mr. Taylor ipuina argitaratu zion lehen aldiz eta hala ezagutu zuen Pablo Nerudak; Isla Negrara gonbidatu zuen eta une hartan egiten zuen La Gaceta de Chile aldizkarian idaztera ere bultzatu zuen. Nerudari esker izen handiko beste idazle batzuk ezagutu zituen, besteak beste, José Santos González Vera eta Manuel Rojas.
1956an Mexikora itzuli eta Unibertsitatean hasi zen bertako aldizkariko erredaktore eta Argitalpenen Zuzendaritzako langile moduan. Fondo de Cultura Económica argitaletxean ere sartu zen zuzentzaile modura eta tarteka itzulpen lanak ere egin zituen. Azken hiru hamarkadetan hamaika lan egin ditu: 1957 eta 1960 bitartean Mexikoko Filologia Ikastetxeko bekadun izan zen; Mexikoko Unibertsitate Nazionaleko ikastaroetan Cervantes eta Kixoteri buruzko ikastaroko irakasle hainbat urtez; ikertzaile Ikerketa Filologikoen Institutuan eta literaturako irakasle Filosofia eta Letretako Fakultatean; Mexikoko Unibertsitate Nazionaleko klasikoen bildumako zuzendari kide; Arte Ederren Institutu Nazionaleko narratiba tailerreko koordinatzaile; Mexikoko Filologia Ikastetxean hizkuntza eta literaturako irakasle eta Mexikoko Zientzia eta Teknologiako Kontseilu Nazionaleko argitalpenen koordinatzaile ere izan da.
Hainbat aldiz ibili da Europan eta Latinoamerikan zehar eta bere lanek sari ugari jaso dituzte: Guatemalako Saker ti izeneko ipuin sari nazionala 1952an, Mexikoko Magda Donato 1970ean, Xavier Villaurrutia, 1975ean eta Tabascoko Juarez Unibertsitateko Zilarrezko Juchimán delakoa 1985ean.
1953. urtean ezkondu zen aurreneko aldiz, Dolorez Yañez hartu zuen emaztetzat eta alaba bat izan zuten, Marcela; 1962. urtean berriz ezkondu zen, Milena Esguerra kolonbiarra izan zen bigarren emaztea eta alaba izan zuten, María; 1976an Bárbara Jacobs idazle mexikarrarekin ezkondu zen.
Fernando Golvano